XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herriko plaza Mitxelena, UZEI ETA EUSKAL UNIBERTSITATEA

Berriro ere auzi hau plazara, bainan lerro hauen arrazoina emateko esan behar dugu isilik ezin egoteari erantzuten diola artikulu honek neurri batetan.

Haseratik esango dut neronek UZEIn parte hartu dudala parte txikia, bainan parte, eta beraz garbi dago nire ikuspegiaren abiapuntua zein izango den.

Gauza batek harritu nau haseratik eztabaida honetan: salaketak oinarritzeko funtsezko arrazoien falta.

Zeren Mitxelenaren hitzetan bi gauza dira nabari: oinarrizko informazio falta lehenik, garbi bai bait dago Mitxelenak ez duela UZEI ezagutzen, ez dakiela berak egindako kritika gehienak iadanik asumituak dituela UZEIk berak barne kritika gisa (baina dirua faltan zuzendu ahal izateko); bigarrenik, arrazonamendurik eza, zeren garbi antzeman daiteke akaso zer esan nahi duen Koldok, baina problema da ez duela argudiorik ematen hori baieztatzeko.

Zeren ez da inola ere legezkoa hamar milaka hitz erabakiren lana bost adibideren bidez hankaz gora botatzea ezta ehun adibideren bidez ere.

Hori ez da kritika, hori demagogia hutsa da.

Eta ez dezala profesionaltasun eza aipa; UZEIn bakoitza bere gaiean espezialista da, bertatik ezagutzen duen guztiak dakien bezala.

Eta monopolioarena gehiegizkoa da; ezinbestean kultur munduan monopolioz beteriko herri honetan prentsa, irakaskintza, Koldoren eta Ibonen hiztegigintza,e.a.- hori arrazoibide bezala jartzea (kasurik onenean) adarra jotzea besterik ez da.

Beraz, beste zerbaitek bultzatuko zuen Mitxelena eritzi horiek botatzera, kritika konstruktiboa egin beharrean.

Baina ez gara gu bere erru berean eroriko oinarririk gabeko burutapenak botatzen.

Baina bada beste gauza bat, unibertsitari naizenez zeharo kezkatzen nauena, eta orain arte batere aipatu ez dena: eztabaida honen atzean auzitan dauden unibertsitate-kontzepzioak.

Zeren garbi bait dago elkarren kontra dauden bi alderdi hauek unibertsitatearen bi ikuspegiren adierazgarri direla.

Ikus dezagun.

UZEIk, eta beharbada inkoszienteki, orain arte eraman duen jokaera erabat dinamizatzailea izan da etorkizuneko Euskal Unibertsitatearen eraikuntzari begira inoiz halakorik izango bada behintzat.

Bere lanera gerturatu ditu ehunka unibertsitari, eta zenbait fakultatetan dinamika aski indartsu bat jeneratu du euskarazko goi mailako irakaskintzaren alorrean.

Beraz, garbi dago bere ahalmenen mugapean lanik bederen egin duela UZEIk unibertsitate EUSKALDUN eta HERRIKOI baten alde.

Mitxelenarena, berriz, ez dago hain garbi.

Badakigu zer ez duen nahi (MUGAn agerturiko artikuluak lekuko), baina jakin nahi genuke zein den bere irtenbidea guztiok desiratzen dugun unibertsitate hori lortzeko.

Gasteizko Fakultatea al da horren eredu? Ezezkotan, zer nolako jarrera aktibo eta konstruktibo ari den aurrera eramaten unibertsitate euskalduna behin edo behin izan dezagun? (Kontuz, ez dugu esan nahi ez denik ezer egiten ari).

Aldiz, dagoeneko lan aktibo eta konstruktibo batetan (eta ez esan, mesedez, kemena jarri ordez enerjia jartzeagatik hizkuntza hondatu egingo denik) diharduenari jipoia eta lurrak jo arazi.

Beldur gara Mitxelenaren hitzen atzean ez ote den unibertsitatearen kontzepzio elitista bat izkutatuko.

Bestela ez dugu ulertzen nondik datorkion UZEIren kontrako grina destruktibo eta kontsiderazio gabe hori.

Eta ez dezala inork esan UZEIk ez dituela kritikak onartzen, edota ezin dela dirudienez UZEI kritikatu.

Etxe horretan eta peoi gisa lan egitera gerturatu den orok badaki ongi aski bere lan metodoan dena dela kritikagai, printzipioz eta sistimatikoki.

Bainan problema ez da kritikak ez direla onartzen; problema da Mitxelenarenak ez duela kritika izena ere merezi.

Aukeratu duen kanaleak soil soilik adierazten du bere asmoa ez zela kritika egitea, asmo txarreko erasoaldi hondatzaile bat baizik.

Kritikak egiteko beste bideak badira, gai honetan Mitxelenak inoiz erabili ez dituenak, hots, hurbildu eta, kontseiluaren bidez besterik ez bada ere, lanean parte hartu.

Ez berak soil-soilik eritzi publikoa aukeratu du, eta garbi dago zergatik.

Ez zaio interesatzen UZEIren lana kritikatzea, instituzioa bera hondatzea baino.

Auskalo zergatik bainan itxura hori ematen du.

Gainerako arrazoinak galeriarako itxura besterik ez da.

Eta horiek ez dira bideak, Mitxelena, ez dira bideak.

JOSU LANDA.